Berunezko urteak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Berunezko urteak
Irudia
Motagarai historikoa
Honen izena daramaDie bleierne Zeit
Honen parte daItaliako historia
Denbora-tarte1969ko abenduaren 12a - 1982
Data1970(e)ko hamarkada
KokalekuItalia
HerrialdeaItalia
Boloniako sarraskia, 1980.

Berunezko urteak (italieraz Anni di piombo) Italian 1970eko hamarkadan terrorismo ekintza ugari gertatu ziren garaiari esaten zaio. Izan ere, garai horretako egoera politiko-instituzional kaotikoak (gobernuek oso gutxi irauten zuten) gizartean haserrea piztu eta jendea borrokan hastea eragin zuen, kaleko borrokaren bidez lehenengo eta armen bidez geroago. Borroka armatuaren ideia talde antolatuetan sortu zen antolamendu instituzionala eta politikoa aldatuko zituzten oinarriak ezartzeko.

Urte horietan komunikabideek ezker eta eskuin muturreko taldeen indarkeriazko ekintzak esamoldea erabiltzen zuten garai hartako gertakariez ari zirenean. Egun darabilgun terminoa geroago hasi zen erabiltzen, Margarethe Von Trottaren 1981eko Anni di piombo filmaren izenburutik hartuta.

Kontuan hartu beharrekoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai horren hasiera eta amaiera datak ez daude modu zehatzean mugatuta. Esan ohi da 1960ko hamarkadaren amaieratik 1980ko hamarkadaren hasiera arte iraun zuela, baina urte horiek historialarien ikuspuntuaren arabera aldatzen dira. Batzuetan 68ko mugimenduaren garaian egondako istiluak hartzen dira hasieratzat; beste batzuetan, berriz, Piazza Fontanako sarraskia.

Ordena publikoko indarrekin sortu zen lehenengo liskarra Erroman gertatu zen, 1968ko martxoaren 1ean, Valle Giuliako Gudua deiturikoan.

Berunezko urteetako lehenengo hildakoa Antonio Annarumma dela esan ohi da, 1969ko azaroaren 19an Milanen hil zutena. Tentsioaren estrategia deitutakoaren bidez egindako lehenengo ekintza, berriz, 1969ko abenduaren 12an Milango Piazza Fontanan gertatutako sarraskia izan zen (apirilaren 25ean Milanen bertan jarritako lehergailuak ez dira kontuan hartzen, ez baitzuten hildakorik eragin). Azkeneko atentatuak 2000ko hamarkadan gertatu ziren, Brigada Gorriek edo euren oinordekoek (ez dago argi) Marco Biagi Gobernuaren kontseilari ekonomikoa hil zutenean. Hurrengo urteko martxoaren 3an, Brigadetako eta Poliziako kide banak bizia galdu zuten tiroketa batean.

Hainbatetan, garai hau parlamentuaz kanpoko ezker muturreko taldeen ekintzekin lotzen da, Lotta Continua edo Movimento Studentescorekin esaterako; baita Prima Linea edo Brigada Gorriak moduko talde armatuekin, eta Italiaz kanpoko taldeekin ere (Alemaniako Armada Gorriaren Frakzioarekin esaterako). Dena dela, garai horretan, eskuin muturreko talde askok ere (besteak beste NAR edo Ordine Nero) ekintza terroristak egin zituzten. Terrorismo beltza deiturikoaren eperik gogorrena izan zen hura.

Berunezko urteek aurrera egin zuten garaiko ekintza armatuen egiletza ezezaguna zela. Batzuentzat, ekintzok garai horretako gizartearen antolaketaren aurkakoak ziren, mugimendu horretan zebiltzanek politika beste eredu batzuen arabera aldatu nahi baitzuten[erreferentzia behar]. Urrats handiak eman ziren eredu marxista-leninistaren alde eta batzuk aurreikusi zuten eredu komunista ezarriko zuen iraultza bat gertatuko zela[erreferentzia behar].

Kazetari eta aditu batzuek ezkerrekotzat jo zuten urte haietako terrorismoa; beste batzuek berriz eskuinekotzat, eta badago “estatuaren sarraskiak”, zerbitzu sekretuen laguntzaz, izan zirela uste duenik ere.[1]

Lotta Continua mugimenduaren manifestazioa.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berunezko urteak Italian eta Europan zabaldu zen 68ko mugimenduarekin batera hasi ziren. Garai horretan gizarte aldaketen aldeko gizarte mugimenduak sortu ziren.

Italiako ekonomiak izugarrizko hazkundea izan zuen eta bizi kalitatearen hobetzea ere handia izan zen: haurren heriotza-tasak nabarmen egin zuen behera, biztanleria handitzen zihoan eta analfabetoak oso gutxi ziren. Mende erdiko atzerapena zeukan arren, Italia nazio bihurtzen ari zen: eremu zabal batean (Siziliatik hasita Alpeetaraino) hitz egiten zen hizkuntza zuen, eta RAI telebista katea sortu zen, ez bakarrik hizkuntza nazionala zabaltzeko, baita bertako kulturaren ezaugarri ziren ikuskizunenganako arreta erakartzeko ere (futboleko mundu-txapelketak, olinpiadak eta antzeko ikuskizunen bitartez)[erreferentzia behar].

Urte horietan, kultura garatzen hasi zen, sarritan ezkerrak bultzatuta eta Antonio Gramscik garatutako nagusitasun kulturalaren doktrinan oinarrituta. Ezkerrak kulturaren garapenean egindako ekintzei esker, hauteskundeetan aldeko botoak jaso zituen askotan[erreferentzia behar].

Ziur aski Ameriketako Estatu Batuek ez zuten begi onez ikusi Italiako Alderdi Komunistaren (PCI) hazkundea eta, horregatik, ezker antikomunistari ematen zioten finantziazioa mugimendu komunista eteteko nahikoa ez zela ikusita, esku-hartze zuzenagoetara igarotzea erabaki zuten[erreferentzia behar].

1969. urtean ere protesta ugari egon ziren: ikasleen protesten ondoren langileenak etorri ziren, kontratuak berritzeko eskatuz. Azken hauek liskar handiak eragin zituzten lanpostu eta lantegietan udazken sutsua deiturikoan.

Milanen apirilaren 25ean hogei zauritu eragin zituzten bi atentatu egon ziren. Abuztuaren 9an zortzi atentatu egon ziren Italian eta guztira hamabi zauritu eragin zituzten. Azaroaren 19an Antonio Annarumma polizia hil zen Unione Comunisti Italiani alderdi marxista-leninistak Milanen egindako manifestazioan. Annarumma jeep militar bat gidatzen ari zen manifestatzaileek jaurtitako altzairuzko hodi batek buruan eman zionean. Hodia begi batetik sartu eta garezurra igaro zion aldez alde eta momentuan bertan hil zen. Gainera jeepak martxan jarraitu zuen eta beste polizia bat harrapatu zuen. Abenduaren 12an bost atentatu egon ziren berrogeita hamahiru minuturen epean. Guztietatik larriena Piazza Fontanako sarraskia izan zen, izan ere, lehergailua Milango Nekazaritzako Banku Nazionalaren egoitzan jarri zuten eta hamasei hildako eta laurogeita zortzi zauritu eragin zituen. Berunezko urteen hasiera zen hura.

Sarraskiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Piazza Fontanako sarraskiaren biktimen hileta.

Sarraski horiek errudunik ez zen aurkitu kasu askotan[erreferentzia behar]. Aipatzekoa da Milango Piazza Fontanako sarraskiaren epaiketa, izan ere, epaiketa amaitzean (2005eko maiatzean) hildakoen senideei epaiketaren gastuak ordainarazi zizkieten.

Pier Paolo Pasolinik adierazi zuen bazekiela zeintzuk ziren atentatuen autore intelektualak[2]:

Nik badakit nortzuk diren “kolpe” deiturikoaren errudunak. Nik badakit nortzuk diren Milanen 1969ko abenduaren 12an egindako atentatuen errudunak. Nik badakit nortzuk diren 1974. urtearen lehenengo hilabeteetan Brescian eta Bolonian egindako atentatuen errudunak.

Hilabete batzuk geroago hil zuten Pasolini eta gaur egun ere ezezagunak dira haren heriotzaren nondik norakoak[3].

Ezker eta eskuin muturreko taldeen indarkeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urte horietan egondako sarraskiek aurretik zegoen egoera are latzago bihurtu zuten. Horiek gertatu aurretik ere istiluak, hiri-gerrilla bilakatu ohi ziren taldeen kale borrokako ekintzak eta mota guztietako atentatuak zeuden arren, gatazkaren maila areago handitu zen atentatuetako hilketak errugabeak ziren pertsonei leporatu zitzaizkienean[erreferentzia behar].

“Estatuaren sarraskiak” izan zirela pentsatzen hasi ziren batzuk, eta talderik muturrekoenak klandestinitatera pasatu ziren borroka armatuan hasteko.

Ezkerreko talde asko sortu ziren, besteak beste Gruppi d’Azione Partigiana (GAP), Nuclei Armati Proletari (NAP), Prima Linea (PL), Comitati Comunisti Rivoluzionari (Co. Co. Ri), Proletari Armati per il Comunismo (PAC), Brigada Gorriak (BR); baita eskuineko taldeak ere: Nuclei Armati Rivoluzionari (NAR), Ordine Nuovo, Ordine Nero, Terza Posizione eta Avanguardia Nazionale.

Talde hauen artean istiluak hasieratik egon ziren arren, esan beharra dago tentsioaren estrategia delakoarekin areagotu zirela.

Arrisku eta segurtasun ezeko giroa nagusitu zen garai horretan. Egiten ziren atentatuak ez ziren atentatu handiak bakarrik, hainbat eta hainbat atentatu egon baitziren jomuga txikien kontra: banakoen kontra, polizien kontra, banku-langileen kontra..., askotan helburu ezezaguneko planei jarraituz.

Manifestaldietan, parte-hartzaileetako askok aurpegia estalita edukitzen zuten. Gainera, askotan makilak eta giltza ingelesak (40-45 zentimetroko luzerako “Hazet 36” famatua) eramaten zituzten eskuetan; batzuetan su-bonbak edota pistolak (Walther P38 famatuak) ere.

Egoera honek sortutako etsipenaren ondorioz, biztanleriaren zati handi batek (horien artean tradizionalki alderdi kontserbadorekoak ez ziren hautesleak ere) Estatuaren erantzun "militarra" onartu zuen eta begi onez ikusi zuten norbanakoen askatasuna murrizteko neurriak hartzeko aukera ere[erreferentzia behar].

Lege bereziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gobernuko alderdiek (Democrazia Cristiana, Partito Socialdemocratico, Partito Repubblicano, Partito Liberale eta Partito Socialista alderdiek) Partito Comunista alderdiaren laguntzaz, akordio bat lortu zuten Italiak bizi zuen krisi egoerari aurre egingo zioten lege berriak sortzeko.

Emergenza terrorismo (terrorismo larrialdia) deituriko akordioak estatu italiarrari halako polizia-kutsuko inboluzioa ekarri zion: askatasun konstituzionalak murriztu egin ziren eta poliziari eskumen gehiago eman zitzaion[erreferentzia behar].

  • Aipatzekoa da Reale legea (1975/5/22ko 152 zenbakiduna), poliziak beharrezkotzat jotzen zuen kasuetan tiro egitea baimentzen zuena.
  • Bi urte geroago 1980an, terrorismo ekintzak zigortzeko lege bat onartu zen “Cossiga” legea (1980/2/6ko 15 zenbakiduna). Lege honen bidez urte askotako kartzela zigorra ezartzen zitzaien terrorismo ekintzak egiteagatik akusatzen zituztenei eta gainera, poliziari eskumen gehiago eman zion.

1977ko mugimendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Istilu gogorrenak gertatu ziren urtea, epe honetako urterik esanguratsuena, 1977. urtea izan zen ziur asko. Moronik eta Balestrinik[4] (Italiako garai horretako bi idazle ezkertiarrek) honela laburbiltzen dute epe hori: “1977an, eguneroko bizitzan aipatzen zen gatazka politiko eta kulturalak eztanda egin zuen. Gizartearen eremu guztietara hedatu zen, eta 70eko hamarkadan egondako istiluen ondorio izan zen. Gatazka latza izan zen, agian Italiaren batasunaz geroztik taldeen artean eta baita taldeetako kideen artean ere, egondako gatazkarik latzena: 40.000 akusatu egon ziren, 15.000 atxilotu, 4.000 pertsonek jaso zuten milaka urtetako kartzela zigorra, eta gainera ehunka hildako eta zauritu egon ziren, eskuindarrak zein ezkertiarrak”.

Bolonian 1977ko martxoaren 11ko istiluetan Pier Francesco Lorusso ikaslea hil zen jaurtigai batek jotzean. Lotta Continuako alderdikidearen heriotzaren aurka ikasleek egindako protestei aurre egiteko Francesco Cossigak, Barne ministro zenak, tanke militarrak bidali zituen Boloniara[5]. Urte bereko irailean, Massimo Tramontani polizia atxilotu zuten, Lorusso ikaslearen heriotzaren erruduntzat akusatuta, baina aske utzi zuten frogarik ez zegoelako[erreferentzia behar].

Martxoaren 22an, Erroman, NAP talde ezkertiarrak Claudio Graziosi polizia hil zuen, iheslari bat atxilotzen saiatzen ari zenean.

Apirilaren 21ean Erroman, unibertsitatea okupatu zuten ikasleak irtenarazi zituztenean sortutako istiluetan, autonomiaren aldeko militanteek polizia-agenteen kontra tiro egin zuten eta Settimio Passamonti soldadu-gaia hil zuten. Gainera, Antonio Merenda polizia, Patrizia Bermier kazetaria, beste bi polizia eta carabinieri bat zauritu zituzten.

Torinon apirilaren 28an bertako Abokatuen Elkargoko presidentea zen Fulvio Croce abokatua hil zuten ekintzaile batzuen epaiketa ekiditen saiatzeagatik.

Maitzaren 12an Erromako Piazza Navonan egindako manifestazioan polizia eta manifestatzaileen artean istilu gogorrak sortu ziren eta Giorgiana Masi ikaslea hil zuten; Elena Ascione eta Francesco Ruggiero carabinieri-ak ere zauritu zituzten.

Maiatzaren 14an Milanen egondako beste manifestazio batean autonomiaren aldekoak ziren manifestatzaile batzuek Antonio Custra polizia-agentea hil zuten, pistolak hartu eta poliziaren kontra tiro egiten hasi zirenean. Argazkilari batek argazki bat atera zuen manifestatzaileetako batek poliziari tiro egin zion momentuan bertan. P38en garaia zen[erreferentzia behar].

Torinon 1977ko urriaren 13an Roberto Crescenzio hil zen, bi egun aurretik Angelo Azzurro lokalean jaurtitako Molotov koktel batek eztanda egitean eragin zizkion erreduren ondorioz.

Hurrengo urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipatzekoa da 1978. urtean Erromako Tuscolano auzoan izan zen sarraskia, izan ere erabakigarria izan zen, urte horretan bertan eta baita ondorengo urteetan ere, eskuin muturreko alderdiek ezkerreko pertsonen kontrako hainbat indarkeriazko ekintza burutzeko[erreferentzia behar]. Sarraskia urtarrilaren 7an gertatu zen, Movimento Sociale alderdi faxistako kide ziren Franco Bigonzetti eta Francesco Ciavatta hil zituzten tiroka. Geroago, Nuclei Armati per il Contropotere territoriale izeneko talde batek hartu zuen bere gain hilketa hori. Egun hartan bertan, poliziarekin egondako istiluetan, carabinierien kapitain Edoardo Sivorik, MS alderdiko Fronte della Gioventù gazteria saileko kide zen Stefano Recchioni hil zuen. Gertakari honetatik aurrera hasi ziren gogortzen Terrorismo Beltza deiturikoaren erasoak (talderik nagusiena NAR talde armatua izan zen), ez bakarrik talde antifaxisten aurka, baina baita Estatuaren aurka ere, Stefano Recchioniren heriotzaren erruduntzat hartzen baitzuten[erreferentzia behar].

Terrorismo ekintza gehien 1980. urtean gertatu ziren, izan ere 125 pertsona hil baitziren (horietatik 85 Boloniako geltokiko sarraskian.

Aldo Mororen bahiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldo Moro Brigada Gorrien esku.

Urte horietako gertakaririk gogorrenetakoa Erromako Fani kaleko sarraskia izan zen: 1978ko martxoaren 16an Brigada Gorriek Aldo Mororen bost eskoltak hil zituzten, Aldo Moro bera bahitu eta ondoren, maiatzaren 9an, hil zuten. Gertakari horien deskribapen ofizialetan oraindik guztiz argitu ez diren atal batzuk daude. Gainera, urteak pasatu ahala jakin izan da Brigada Gorrietan mendebaldeko zerbitzu sekretuetako kideak infiltratu zirela behin baino gehiagotan[erreferentzia behar].

Erailketa horren ostean, 1978ko maiatzaren 10ean, garai hartan Barne ministro zen Francesco Cossigak dimisioa aurkeztu zuen. Abuztuaren 10ean Carabinieri-en buruzagia zen Carlo Alberto Dalla Chiesak hartu zuen terrorismoari aurre egiteko ekintzak antolatzeko ardura (orduko Ministroen Kontseiluko Presidentea zen Andreottiren erabakiz). Dalla Chiesak teknika berritzaileak erabili zituen terrorismoari aurre egiteko ikerketetan eta emaitza onak lortu zituen. Italiako agintariek gobernuaren ordezkari moduan bidali zuten Siziliara 1982.urtean mafiaren kontrako borrokan lan egiteko, baina ez zioten inolako baliabiderik eman; ezta babes politikorik ere (barne ministro lanetan zebilenean ez bezala). Gobernuak bakar-bakarrik utzi zuen Dalla Chiesa eta 1982ko irailaren 3an Palermoko mafiak bera eta bere emazte gaztea hil zituen.[6].

James Lee Dozier-en bahiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuetako James Lee Dozier jeneralaren bahiketak izan zuen oihartzun handiena mundu mailan Aldo Mororenaren atzetik. Brigada Gorrien bahiketa hau berunezko urteen amaieratzat hartzen den epean gertatu zen.

Bestalde, bahiketa horrekin jende asko harrituta gelditu zen Brigada Gorriak Dozier jeneralaren moduko jomuga militar garrantzitsua bahitzeko gai zirela ikustean; izan ere, Dozier jenerala NATO erakundearen buruzagiordea zen Europako hegoaldean. Veronan bahitu zuten 1981eko abenduaren 17an eta 1982ko urtarrilaren 28an Padovan askatu zuten NOCS taldeak egindako ekintza bati esker.

Epe baten amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poliki-poliki 70eko hamarkadaren amaieran indarkeriazko ekintzak gutxitzen hasi ziren eta baita Brigada Gorriei emandako sostengua ere, batez ere 1979.urtean Guido Rossa langilearen hilketaren ostean (Rossak lankide bat salatu zuen Brigada Gorrien propagandako materialak banatzen harrapatu zuelako)[erreferentzia behar].

Berunezko urteetako epe bat amaitzen ari zen eta gero eta gutxiago ziren borroka armatuak Estatuaren sistema konstituzionalean aldaketa eragin zezakeela pentsatzen zutenak. Bifo Berardi[7] idazle italiarraren hitzetan “70eko hamarkadaren amaieran langileen aurkako jokaera oro salatu, krimentzat hartu eta zapaldu egin zen, […]politika neoliberalek irabazi zutenean kapitalismoa indartu zen berriz. Kapitalismoaren garaia zen, bizitza soziala produktibitatearen azpian gelditzen hasi zen berriro eta askok ikusi zuten lehia ekonomikoa zela aurrera egiteko bide bakarra”.

Berunezko urteen ondorengo epea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren epe bat hasi zen, urte horietan atentatu gutxi batzuk egon ziren, baita aurreko urteetan sortutako gatazka sozial eta politikoan nolabaiteko eragina izan nahi zuten gertakari batzuk ere. Baina gertakari isolatuak izan ziren, izan ere borroka armatuaren ideia prestigioa galtzen hasia zen baita talde politiko ezkertiar eta eskuindarren artean ere[erreferentzia behar]. Parlamentuz kanpoko muturreko taldeetan soilik jarraitu zuten indarkeria erabiltzen, noizean behin terrorismo ekintzak eginez.

Galli della Loggia politologoak Italiako terrorismoaren iraupenaren irregulartasuna aztertu zuen. Izan ere, Italiako herritarrak dira Europako herrialde handietatik terrorismo politikoa onartzen duten bakarrak, Ipar Irlanda eta Euskal Herriaren salbuespenekin (baina azken hauek duten arazoa bestelakoa da)[erreferentzia behar].

Galdutako aukera bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazle eta aditu askok uste dute Italiako 70eko hamarkadako urteetan aukera bat galdu zela. Izan ere, haien ustetan, 60ko hamarkadan egondako garapen ekonomiko eta kulturala aprobetxatu izan zitekeen arazo historikoei aurre egiteko (ipar eta hegoaldearen arteko ezberdintasunei aurre egiteko esaterako), eta baita ekonomia industrial modernoa eta ondo antolatutakoa sortzeko ere[erreferentzia behar].

Italian egondako arazo historikoak, beste hainbatekin batera, konpondu gabe geratu ziren: batzuen ustez boterean zeudenen ezjakintasunaren ondorioz, beste batzuen ustez arazoei aurre egiteko beharrezkoa zen egoera egon ez zelako. Dena dela, denak bat datoz porrot horrek Italiaren hondatze politiko eta morala eragin zuela esatean[erreferentzia behar].

Zinema eta antzerkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]